XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KLAUDIO OTAEGI (1836-1890)

Ondarribi`ko eskola maixu onek ikasbide ederra damakigu euskal arloan.

Eta, zalantzarik gabe, merezi du aipamen berezia gure literaturan.

Zegama`n jaio zan 1836-10-30`an.

Amets-billa etzitzaigun asi gaztetxorik; baiña ba-zitun olakoak ere bere izate barnean: ertilari agertu zan oraindik ume zala.

Olako zerbait, egia esan, guztiok daramagu, lurpean azia ernemin bezela, lera-moltzo apartekoa lertu-zori.

Otaegi musikari emana zebilkigun mutikotik, eta amalau urteko zala, Zegama`ko organu-jotzailletzakoa bere izerdiz antzea ta jakituria neurtuta, irabazi zuen.

1854`an Gazteiz`era joan zitzaigun ikasten, laster maixu-titulua aterarik.

Ogeta bi urte zeuzkan Ondarribi`ko eskola maixutza eskuratu zuenean.

Eta antxe bizi izan zan bizitza osoan, bere egitekoa alik eta zeatzen beteaz.

Eta antxe, itxas-egal atsegintsuan itzali zan, oindiño gazte, 54 urte zitularik, 1890-1-10`an.

BERE EUSKAL LANAK

Musikaz landa ba-zuen beste griña bat ere, bere baitan ondo tinkatua: umetatik arduratu zan amaren altzoan xurgatu zuen izkuntzaz.

Baiña euskal lanak 1863`an asi zituen batez ere, ta L. L. Bonaparte printzipeak ortara bultz-eraginda bear bada.

Onen aginduz biurtu zigun beintzat Kristau Dotriñea Zegama'ko, Azpeiti'ko, Irun'eko ta Ernani'ko euskalkietara.

Urrengo urtean, 1864`an, Gipuzkoa'ko Aldundiak iragarri zuen konkursorako San Juan en Ebanjelioa jarri zuen gipuzkeraz, oar eta eraskin askoz ornituta; baita Bonaparte'k aginduta, Ordizia`ko euskerara Dotriñea itzuli ere.

1866`tik aurrera, maiz, L. L. Bonaparte printzipearen laguntzaille zintzo izan zitzaigun euskal lurralde zear osotu zituzten izkera-txangoetan.

Amezkoetatik barna lendabizi, ta Erronkari ta Salazar ikuskatuz gero.

Urte orretan bertan berriz itzultzen du bere Dotriñea Tolosa aldeko izkelgira, baita Basaburua ibarra zearkatu ere (...).